
Ez dugu ahaztu behar aztarna ekologikoa gizakiok naturan dugun eraginaren azpi-estimazio bat dela, zenbait kutsatzaileren eragina, uraren kontsumoa eta eskura nahiko informazioa ez dugun beste zenbait alderdi ez baititu jasotzen. Funtzio ekologiko bat baino gehiago betetzen duen eremua birritan zenbatzea saihesten du metodologiak eta, zalantza kasuan, emaitza txikienera eramaten duen bidea hartzen du beti.
Hala eta guztiz ere, Zarauzko biztanle estandarraren aztarna ekologikoa 4,3 hektarea orokorren baliokidea da, gutxi gorabehera, lau futbol zelai adina. Arestian aipatu dugunez, Zarautzen aztarna ekologikoak udalerriaren muga administratiboak gaindituko ditu, edozein hirik bere azalera baino askoz handiago den produkzio-eremua behar baitu elikagaiak, ura eta lehengaiak lortzeko eta bere hondakinez desegiteko.
ZARAUZTARREN AZTARNA
Zarauztar bakoitzaren aztarna ekologikoa 4,3 hektarearen baliokidea da, gutxi gora behera, 4 futbol zelaikoa. Munduko biztanle guztiak Zarauzkoak bezala biziko balira, euren kontsumo maila hornitu ahal izateko 2,5 planeta beharko lirateke.

